Auzoaren hedadura
Donostiako hirigune historikoa litzateke (Bulevarra eta Abuztuaren 31 kaleen tartean), nahiz eta Donostiako portua eta San Juan kaletik Salamanka Pasealekura luzatzen den Zabalgunea ere Alde Zaharraren parte izango liratekeen.
Biztanleria
Donostiako Alde Zaharrean 5.850 auzotar bizi gara; horietako 3.199 emakumeak dira eta gainontzeko 2.651 gizonak (Donostiako Udala, 2021). Gaindegiak Donostiako Udalarekin batera osatu zuen “Donostiako Behatokia. Biztanleria eta Metabolismo demografikoa” txostenean (2017) Alde Zaharrak etengabeko biztanle galera izan duela azpimarratzen da; 2004. urtetik (orduan 6.401 biztanle zituen) 2017. urte bitartera erroldatutako biztanleen kopuruak %8,9 egin du behera.
Bestalde, esanguratsua da gainbehera hau, 15-29 eta 30-44 urte bitarteko populazioaren galerarekin zuzenean lotuta dagoela eta honek auzoko biztanleriaren zaharkitzea dakarrela nahitaez; 2004tik 2017ra bitartean %20,3ko eta %20,6ko galera izan du adin tarte bakoitzak hurrenez-hurren, denbora tarte berean gainera, 85 urtetik gorako populazioa %24,4 igo da (Donostiako Behatokia, 2017, 7. or).
Txosten berean Alde Zaharrak biztanle atzerritarren kontzentrazio erlatiboa duela esaten da, Donostiak duena baino handiagoa: populazio atzerritarraren tasa %10,9 da auzoan, eta Donostiakoa, berriz, %6,6. Gainera, auzoan egondako biztanleria galerak (gehiago bertakoak etorkinak baino), auzoko biztanleria etorkinaren igoera proportzionala suposatu du (Donostiako Behatokia, 2017, 9. or).
Etxebizitza
Gaindegiak Udalarekin batera 2017an eginiko ikerketaren arabera, Alde Zaharrean 3.412 etxebizitza zeuden, baina 2.632 unitate zeuden erregistratuta. Nabarmentzekoa da ehuneko asko tamaina txikiko bizikidetza-unitateak zirela. Bakarrik bizi direnek osatutakoak % 38,5 dira, eta bi lagunek osatutakoak, berriz, % 38,5. Pertsona bakarra bizi direnetan adinekoak bizi direla kontuan hartuta, bakardade-egoeraren arriskua handia da.
2017an jasotako datuen arabera, bizikidetza-unitateen % 18,2 bakardade-egoeran dauden 65 urteko edo gehiagoko pertsonei dagokie, eta orotara, bizikidetza-unitateen % 27,1 dagokio bakarrik bizi diren 65 urte edo gehiagoko pertsonen multzoari. Bestalde, 85 urte edo gehiagoko pertsonak % 5,1 eta % 5,7 dira.
Bakardade-egoeran dauden pertsona horiek zaurgarritasun handieneko kolektibo bat osatzen dute gure auzoan, eta askotan,
Gizarte-zerbitzuen arreta jaso beharra izaten dute.
Aitzitik, adingaberen bat beren baitan dituzten bizikidetza-unitateak % 17,7 dira. Beraz, eta hori oso kezkagarria da, Parte Zaharrak ez du
biztanleria biziberritzeko gaitasuna.
Adi! 20171ko datuetan oinarrituta, zahartze-prozesua dela eta, datuek agertoki negatiboa iragartzen dute etxebizitzen erabilgarritasunari dagokionez. Ikerketa horretan, hamar urtetan, Alde Zaharreko 340 etxebizitza, alegia, bizikidetza-unitateen % 12,9 erabilerarik gabe gera daitezke. 340 etxebizitza erabilerarik gabe geratzeko arriskuan daude. Behar-beharrezkoa da bizileku egonkor gisa etxebizitza-politikak sustatzea eta bestelako erabilerak saihestea.
2017ko datuen arabera, urteko ur-kontsumoaren azterketaren bidez, Alde Zaharrean hutsik egon daitezkeen etxebizitzak 452 ziren, etxebizitzen % 17,3, hain zuzen. Alde Zaharra etengabe galtzen ari den biztanleria nabarmenagoa izan daiteke, aipaturiko etxebizitzen erabilgarritasun txikia dela eta. 369 pertsona, Alde Zaharrean erregistratutako egungo biztanleriaren % 6,3, hutsik egon daitezkeen etxebizitzetan erroldatuta daude, eta, beraz, ez dute auzoko eguneroko bizitzan parte hartzen.
Hutsik dauden etxebizitza horiek ahaztu gabe, etxebizitza turistikoak ugari ditugu auzoan. 2017an, 187 zeuden erregistratuak (%5,5), baina une berean, 267 iragarki eskaintzen ziren hainbat plataformatan (Hirikilabsek eskura jarritako datuak).
Arriskua hortxe dago. Etxebizitzaren erabilgarritasuna gure auzoko kohesio soziala higatzen duen arrazoi nagusia da. Gauzatu daitezkeen etxebizitza-politikak Parte Zaharrak bizikidetza-unitateen erreleboa erraztu dezake. Gazteak bertan geratzera erakartzeko edo bertan mantentzeko baldintza erakargarriak sortu behar dira lehenbailehen. Bestela, hutsik dauden etxebizitza horiek bestelako erabilera izaten jarraituko dute, erabilera espekulatiboa, alegia, neurririk gabeko gentrifikazioa areagotuz.
Jarduera ekonomikoa
Gaindegiak (Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak) Donostiako Udalarekin batera osatu zuen “Donostiako Behatokia. Jarduera ekonomikoa eta asoziazionismoa” txostenean (2017, 7-9. or.), Alde Zaharraren egitura ekonomikoak izandako aldaketa nabariak jasotzen dira 2004-2017 bitartean; merkataritza txikira bideratutako jarduerak, oro har %9,2ko jaitsiera izan zuen, eta ostalaritza aldiz %5,7ko igoera. 2017an Alde Zaharreko establezimenduen %30,8 merkataritza txikirako jarduerakoak ziren (Donostian %14,7), eta %24,4 aldiz ostalaritzakoak (Donostian %14,7). Urte berean, guztira, 1.004 establezimendu ziren jarduera ekonomikoetara bideraturikoak.
Aipagarria da auzoak establezimendu-dentsitatea bereziki handia duela (17,2 establezimendu 100 biztanleko), zazpi puntutan gainditzen duelarik Donostiako bataz besteko dentsitatea (10,2 establezimendu 100 biztanleko).
Ostalaritzak izugarrizko pisua hartu du azken urteetan, Alde Zaharrak 3,4 taberna eta jatetxe ditu 100 biztanleko. Kontuan hartu behar da, tarberna eta jatetxeen dentsitatea oso altua dela, Donostiakoa baino sei puntu altuagoa, alegia. Biztanleen %30,2k sei establezimendu baino gehiago ditu etxetik 50 metro baino gutxiagora.
Turismoa
Gehiegizko turismoaren eragina agerikoa izan da azken urteetan. Donostiako ostatu-plazen %7,6 alde Zaharrean eskaintzen da eta bertako biztanleak Donostiako populazioaren %3,1 gara.
Alde Zaharrean 552 ostatu-plaza eskaintzen dira eta, bestalde, 187 etxebizitza turistiko daude erregistratuta,785 ostatu-plaza eskaintzen dituztelarik. Populazioaren %22,9 izan daitezke eta alojamendu turistiko tasa jasangarriak %10 ingurukoak izaten dira.
2016. urtean zehar, 1,6 milioi turistek pasa zuten, gutxienez, gauren bat Alde Zaharrean.
Turisfikazioaren ondorioz, Alde Zaharrak gentrifikazio prozesu bizkor bat bizi izan du azken urteetan; pisuen garestitzearekin batera, betiko auzotarrak hiriko beste auzoetara kanporatuak izan baitira (etxebizitza eskuragarriagoen bila). Turistifikazioak, bestalde, auzoa hiri osoko aisialdi eta kontsumorako eremu garrantzitsuena bihurtzea ekarri du, bai donostiarrentzat eta baita atzerritarrentzat ere; honek jende kontzentrazio ugari sortzen ditu auzoko kaleetan eta eguneroko bizitza benetan itogarria bihurtzen da, bereziki udan.