Auzoaren azken asteetan, gurasoak elkartera zuzendu dira salatzeko Trinidad plazaren sarreran dauden tabernetako bezeroek harmailen zati bat okupatu dutela, eta seme-alabei kirola egitea eragotzi dietela Parte Zaharrak horretarako duen espazio bakarrean.
Eta hori gutxi balitz, gidaria buruan duten turista-taldeek ere espazio hori hartu dute, plazaren erdian planto egin dute, eta pilota-partida ere eten, pilota hartu eta pilotalekuan zein pilota-motarekin jokatzen den erakusteko turistei.
Trini kolonizatzeko saiakerak ez dira amaitzen. Aisiaren, turismoaren eta ostalaritzaren industriaren inertziak dira ardatz katalizatzailea, baina Udalak, beste behin ere, hitz onekin erantzuten du, baina ez du jarduten.
Argitaratzen dugun gutuna behar bezain adierazgarria da:
“Egun on,
Idatzi honen bidez nire ezinegona helarazi nahi dizuet, azkenaldian, Trinidade Plazan kirol-jarduera egiten ari diren haurrekin gertatutako egoera desatsegin batzuen berri emateko.
Batetik, haurrak jolasean ari diren bitartean, maiz , gatazkak izaten dituzte inguruko tabernetako edariak eta pintxoak hartzera frontoi zein kantxetara joaten diren taldeekin, nahigabe, baloiak zein pilotak haien edarietara erortzen zaizkienean.
Bestetik, nahiz eta haurrak lehenagotik bertan jolasean aritu, turismo-gidariak turista taldeekin kantxa zein frontoi erdira sartzen dira, eta azalpenak emateko unean molesta ez ditzaten, baloiak edota pilotak kentzearekin mehatxatzen dituzte.
Ez dugu ahaztu behar, Parte Zaharrean kirola egiteko eremu bakarra Trinidade Plaza dugula, eta egunero han elkatzen direla adin desbedinetako haurrak kirola egiteko.”
Udala salatu ondoren, hauxe da erakundearen erantzuna:
“Ulertzen dugu zure kezka eta amorrazioa, eta bide batez, lagungarria da Udalarentzako.
Trinidadeko eremuak jolas eta kirol jarduerarako lehentasuna du. Hori horrela, abian jarri dugu hesietan jarri beharreko informazioaren kartelak.
Espero dugu egun batzu barru informazio hori eguneratua egotea.
Beraz, jakinarazi semeari eskubidea duela bertan, bai frontoian eta baita futbol zelaian kirolean jarduteko.
Eta laster ere, "pescaderia" eraikinean kirola gune itxia izango dutela alde zaharreko haurrek.
Berrio ere, mila esker zure informazioagatik.”